Edizio kritikoa ikerketa akademikoen ondorio diren iruzkin, eta oharrekin aberastutako testu zahar baten edizioa da.
Edizio kritiko bat, normalean, testua bere jatorrizko formara itzuli nahi duen edizio bat bezala hartzen da, metodo zorrotz baten bidez, denborarekin sortu ahal izan diren aldaketa desegokiak ezabatuz. Metodo tradizionala Karl Lachmannek proposatutakoa da. Lachmannek metodologia bat proposatu zuen testu zaharren edizio kritiko egokiak egiteko. Testu zaharren kopiak erkatu egin behar ziren eta, Lachmannek erakutsitako metodologia zorrotzari jarraiki, egileak eman nahi zuen jatorrizko testua ahal bezala "berreraiki" behar zen.
Lachmannen metodoa, oso modu eskematikoan: testu zahar baten (X testua) hiru ale zahar bakarrik aurkituz gero: A alea, B alea eta C alea; baldin B alea eta C alea berdin-berdinak direla ikusten bada (B=C), ezagutzen diren hiru aleak erabiliko dira X testua "berreraikitzeko". Hiru ale horiek, baina, balio desberdina izango dute berreraikitze lanetan: A aleak, berreraiketa egiterakoan, % 50 balioko du; eta beste bi aleek % 25 bakoitzak.
Filologoen betiko ahalegina izaten da aleen arteko desberdintasunak oso ondo aztertzea eta erroreak, erratak, kopiatzaileek txarto egindako zuzenketak, etab. identifikatzea. Edizio kritikoetan X alearen jatorrizko forma ematen saiatzen dira filologoak eta egungo irakurleentzat jakingarri izan daitezkeen oharrak gehitu ohi dira.
Gaur egun, testu-kritikaren zenbait teorikok hedatu dute definizioa. Izan ere, baliteke editoreak erabilitako metodoa metodo tradizionala ez izatea, baina, hala ere, editorearen asmoak bete daitezke. Editorearen asmoa izan daiteke jatorrizko lanaren alderdiren bat edo aldaeraren bat bakarrik nabarmentzea. Esate baterako, erabiltzen den hizkera, edo hizkeraren alderdi batzuk... Edo zeharka ematen diren datu historiko batzuk...